Ibai, laku, presa edo urmaeletako gainazaleko ur gezak dira giza kontsumoaren iturri nagusia. Giza kontsumorako ura hartzeko guneak Uraren Esparru Zuzentarauaren (UED) 7. artikuluan xedatutakoaren arabera izendatzen dira. Giza kontsumorako ur-hartune gisa erabiltzen diren ur-masak Eremu Babestuen Erregistroan sartzearen helburua erabilera jakin horretarako baliabide gisa erabiltzeko uraren kalitatea eta kantitatea zaintzea da. Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan, guztira, gainazaleko 269 ur-hartune jasotzen dira Eremu Babestuen Erregistroan.
Erregistro honetan jasotako giza kontsumorako hartune guztiek dagokien babes-perimetroa izan beharko dute. Bertan, babestu beharreko guneak, kontrol-neurriak eta lurzoruaren erabilerak eta horietan garatu beharreko jarduerak arautuko dira, hartuneetako uraren kantitatean eta kalitatean eraginik ez izateko. Gainazaleko ur-hartuneen babes-perimetroak definitu ahal izateko, beharrezkoa da hartunera drainatzen duen lurraldearen azalera ezagutzea eta karakterizatzea, hau da, hornidurarako ur-hartunearen ARRO HIDROGRAFIKOA definitzea. Gune hau LIFE URBASO proiektuan LEHENTASUN HIDROLOGIKOKO GUNE gisa kontsideratzen da.
Eskuliburu honetan, giza kontsumorako ur-hartuneen arro hidrografikoak mugatzeko prozedurak deskribatzen dira. Ondoren, arro hidrografikoaren hainbat ezaugarri kalkulatzen dira, besteak beste, lurzoruaren konposizioa, erabilera eta higagarritasuna. Horretarako, berariaz sortutako tresnak deskribatzen dira, prozedura horiek partzialki edo erabat automatizatzeko, software libreko eta kode irekiko informazio geografikoko sistemak erabiliz. Eskuliburu honetan aurkeztutako tresnek ez dituzte arro hidrografikoak zehatz-mehatz ezaugarritzen; kudeatzaileek interesa izan ohi duten arro hidrografikoen oinarrizko ezaugarri batzuk baino ez dituzte azaleratzen. Arroaren ezaugarri gehiago nahi izanez gero, eskuliburu honetan deskribatutako urratsen ondoren erants daitezke. Tresnak eta eskuliburu hau baliagarriak izango dira monitorizazio-programen barruan arro hidrografikoen karakterizazioaren estandarizazioa, eraginkortasuna eta erreproduzigarritasuna handitzeko. Azkenik, LIFE URBASOko demostrazio arroak mugatzeko eta karakterizatzeko adibide praktiko bat aurkezten da.


Euskadin giza kontsumorako uretara zuzendutako azaleko 269 ur bilketa Uraren Esparru Zuzentarauko Babestutako Eremuen Erregistroan inskribatuta daude.
Ikus gehiago: Manual delineación