Life Urbasoren helburua honakoa frogatzea da: edateko ur-hartuneen ibai-arroetako baso kudeaketaren plangintza arduratsua eta egokia egiteak uraren kalitatea hobetu eta kantitatea handitzen duela. Bi horiek, ezinbestekoak dira giza osasuna hobetzeko eta klima-aldaketaren ziurgabetasunetara egokitzeko.

Proiektuak Urdaibaiko Biosferaren Erreserban frogatu nahi du planteatutako metodologia. Bertan, 39 ur-hartune daude baso-eremuetan, horietatik 13 pinu eta eukalipto landaketetan.

Urdaibaiko Erreserbako hartuneetako urak ezaugarri hauek ditu (2008-2018, EKUIS):

Materia organikoaren batez besteko kontzentrazioa karbono organiko disolbatu (DOC) gisa neurtuta, 3,83 mg/l-koa da. Konposatu horretarako muga arauturik ez badago ere, zuzenean lotuta dago THMen sorrerarekin.

Esekitako sedimentuen kontzentrazioa 32-203 mg/l artekoa da batez beste, eta, horren ondorioz, aztertutako laginen % 23aren uhertasuna edateko urarentzat araututako mugatik, 1 NTUtik, gorakoa da.

Hornidurara bideratutako uretan, desinfektatu ondoren, batez besteko THM kontzentrazioa 46 μg/l-koa da. Hala ere, egindako analisien % 10ek 100 μg/l-ko arauzko muga gainditzen dute.

Gainera, PTAri buruzko daturik, ezta erregulaziorik ere. Hala ere, beharrezkoa da toxina honek izan ditzakeen arriskuen kontzientzia maila handituko duen politika bat. Horregatik, aztertu beharreko arroetan toxina horren monitorizazioa egingo du Urbasok.

Ur-hartuneetan jasotzen den uraren kalitateak (materia organiko eta sedimentu kantitateak, besteak beste) eragin zuzena du ur horien desinfekziorako erabili beharreko produktuen kantitatean eta baita ere, desinfekzioaren ondorioz sortzen diren azpi-produktuetan. Azpi produktu hauetako batzuek, trihalometanoak (THM) kasu, muga batetik aurrera osasunarentzat kaltegarriak direla frogatua izan da. Horrez gain, ptakilosidoa (PTA) neurtuko da edateko uretan. Hau, zein garoak (Pteridium aquilinum) sortutako toxina natural eta ziurrenik kartzinogenoa da WHO/IARC-en, International Agency for Research on Cancer, arabera.

Testuinguru horretan, LIFE URBASOk, naturan oinarritutako metodologia bat garatuko du. Horrela, ura plangintzaren ardatz nagusitzat hartuko duen lurzoruaren erabileren kudeaketa bat eginez ur gordinaren kantitatea handitu eta kalitatea hobetzeko. Helburu nagusia Uraren Esparru Zuzentarauan jasotako “giza kontsumorako ur-hartuneetarako babestutako eremuen” kontzeptua garatzea da.

HELBURUAK

URBASO partzuergoak honako helburu hauek lortzeko lan egingo du:

Ura babesteko beharrezkoak diren esku-hartze eremuak mugatzeko gida tekniko bat garatzea. Bertan, horietako bakoitzerako baso-kudeaketa eraginkorraren gidalerroak jasoko dira.

Urdaibaiko Erreserbako ur-hartuneetan garatutako jarraibideak ezartzea, uraren kalitatea hobetzeko baliagarriak direla frogatu ahal izateko. DOC kantitatea % 10 eta sedimentuen karga % 25 murriztea aurreikusten da. Ondorioz, desinfekzio-produktuen erabilera murriztuko litzateke, baita prozesu horretan sortutako THM bezalako azpiproduktuen kopurua ere.

Proposatutako lurzoruaren erabileren aldaketek giza kontsumorako ur kantitate jarraitua eta nahikoa ematen dutela frogatzea. Ur-kantitatea % 15 handitzea aurreikusten da.

Garoaren kontrolak edateko uraren PTA kantitatea murrizten duela frogatzea.

Hobekuntza hauek posible egingo dituzten ekosistema-zerbitzuen hornitzaileei, hau da eraldatuko diren basoen jabeei, ordaintzeko pizgarri ekonomikoak kalkulatzea.

Baso-jabeen eta ur-hornitzaileen artean ekosistema zerbitzuak ordaintzeko kontratu-tresna bat garatzea.