LIFE URBASOk 4 babes eremu proposatzen ditu giza kontsumorako erabiltzen diren ur-hartuneetako ur gordinaren kantitatea eta kalitatea bermatzeko. Babes eremuen izenak eta definizioak ondorengoak dira:
LIFE URBASOk proposatutako babes eremuak 2 arrotan ezarri dira. Bata Karrakola arroan, Bakioko MUP46 herri basoan eta bestea, Mape arroan, Sukarrietako MUP65 herri basoan. Udalerri biek 15 urterako hitzarmena sinatu dute NEIKERi lursailen kudeaketa lagapena emateko.
Erdiko babes gune eta Urruneko babes gune bezala definitzen diren eremu horietan proposatzen den kudeaketa helburua funtzio anitzekoa da eta horretarako NATURATIK HURBILEKO BASOGINTZA proposatzen da. Lehentasunezko zerbitzu ekosistemikoa ur-edangarriaren ekoizpena izanik kalitatezko zuraren ekoizpen funtzioa ere ahalbidetuz (Naturatik hurbileko basogintzari buruzko informazio gehiago B1.2. ekintzan).
Euskal Herriko isurialde atlantiarrean, eta Mape eta Karrakolako arroak ez dira salbuespenak, basogintza-erregularra gailentzen da. Basogintza-erregularrean zuhaitz guztiak adin berekoak eta espezie berekoak izan ohi dira. Halaber, mozketa garaira denak batera iristen dira eta arraseko mozketa bidez kudeatzen dira, zuhaitz guztiak momentu berdinean ustiatzen dira, lurzorua soilduta utziz. Naturatik hurbileko basogintzak etenik gabeko baso estaldura mantentzen du, lurzorua babesteko funtsezko zeregina betez (informazio gehiago B1.2 ekintzan) (ikus beheko irudia).
Goialdean, basogintza-erregularraren adibidea eta behealdean basogintza-irregularra edo naturatik hurbileko basogintzaren adibidea. Iturria: PROSILVA Basogintza. Etenik gabeko estaldura mantentzen duen eta naturatik hurbilekoa den basogintza aurrera eramateko neurriak eta gomendioak (B1.2 ekintza)
Basogintza eredu erregularraren transformaziorako bide ezberdin bi probatu dira LIFE URBASOko arroetan: Transformazio zuzena eta adaburu azpiko landaketa.
Transformazio zuzena: Heldutasunerako, edo azken mozketarako urte gutxi geratzen direnean, edo beharrek horrela eskatzen dutelako, hurrengo belaunaldia osatuko duen zuhaiztian gauzatu beharko da eredu aldaketa. Kasu honetan, zuhaiztia arraseko mozketa bidez mozten da eta ondoren basoberritu. Karrakolako arroan erabili da transformaziorako bide hau, jatorrizko eukaliptadia basogintza eredu irregularrera eraldatuz. Arraseko mozketa motozerra bidez egin da eta enborrak zaldi bidez atera dira lursailetik, lurzoruaren gaineko eraginak ahalik eta txikienak izate aldera. Luzoruan izandako eragina LURSOIL deritzon, baso-lurzoruen perturbazioak monitorizatzeko protokoloaren bidez ebaluatu da. Basoberritzea bertoko espezieekin burutu da.
Zaldi bidezko aprobetxamendu enpresa berri baten sorreran lagundu LIFE URBASO proiektuak, ArdaGaia enpresa. ArdaGaia 3 bazkidek osatzen duten Oñatiko empresa bat da eta LIFE URBASOren eskutik Karrakolako arroan burutu dute beraien lehen lan profesionala.
Adaburu azpiko landaketa: basogintza irregularreranzko beste transformazio eredu bat da. Lehen pausua argiztapena egokitzea da, horretarako lursailaren azalera basimetrikoa ezagutu beharko dugu eta azalera hori landatu nahi diren espezieen argi beharretara egokitu behar da bakanketa bidez. Behin argiztapena egokituta, zuhaitz-landarak landatu behar dira dagoen adaburuaren azpian, birsorkuntza naturala sustatzeko eta baso-egitura hobetzeko. Metodo honen bidez, lursailaren konposizioa pixkanaka ekologikoki egokiagoa den espezie nahasketa baterantz igarotzea lortu nahi da, dauden zuhaitzek ematen duten babeslekua aprobetxatzen den bitartean. Eraldaketa eredu hau Mapeko arroan erabili dugu. Jatorriz, 35 bat urteko haritz amerikarraren (Quercus rubra) landaketa bat da eta azpian haritz kanduduna (Quercus robur) ezarri da. Basoberritzeko, zuhaitz landarak multzotan landatu dira, 9 eta 13 Quercus robur eta Betula pubescens landarako multzoak erabili dira, diamante-patroi batean antolatuak. Landare bakoitza metro bateko tartearekin landatu da, haritz-basoetan ikusitako birsorkuntza naturala imitatuz. B. pubescens landatuko da diamantearen izkinetan, zuhaitz hezitzaile gisa.
LIFE URBASOk eraldaketa hauen kostuen analisi bat egingo du proiektuaren bukaerarako.

Goialdean, basogintza erregularraren adibide bat ikus daiteke, eta behealdean, basogintza irregularrarena edo naturatik gertu dagoena. Iturria: PROSILVA Forestal. Naturatik hurbil dagoen basogintza egiteko neurriak eta gomendioak, estaldura iraunkorra izan dezan (B1.2 ekintza).
