URBASO proposamenaren erreplikazioa eta eragina ur-politiketan 

URBASO proiektuaren funtsezko helburuetako bat da landaguneetan ur-hornidurarako erabiltzen diren lurrazaleko ur-hartuneen babes-guneak proposatzea, horretarako proiektuaren abiapuntuan garatu zen metodologia praktikan jarrita. Ur-hartune horiek baso-presio handia jasaten dutenez (landaketak), garatutako metodologiak ur-hartuneon lurralde-eremua kudeatzeko irizpideak ere jasotzen ditu. Metodologia hori Urdaibaiko Erreserbako eta inguruko lurraldeko hainbat ur-hartunetan ezartzen ari da, non baso-okupazioa eraldatzen ari den. Ur-hartunetan ur-baliabidea hobetzeko bermea da urrats hori, kantitateari, kalitateari eta denboran zeharreko eskuragarritasunari dagokienez. 

Lurralde horretako hainbat udalek (Busturia, Ea, Bakio, Ispaster, Sukarrieta, Markina-Xemein, Berriatua, Ondarroa, Ziortza-Bolibar …) interesa agertu dute URBASO metodologiaren inguruan, eta ur-hartuneen eremuetan baso-partzelak erosten ari dira, egungo landaketa-erabilera eraldatzeko, ur-baliabidea babeste aldera lurraldearen kudeaketa egokitzailetik egiten den apustu gisa. Apustu horrek, gainera, arau-oinarri sendoa du 3/2023 Errege Dekretuan, kontsumorako uraren kalitatearen irizpide tekniko-sanitarioei buruzkoan. Izan ere, giza kontsumorako ura ekoiztera bideratutako uren hartuneetan arriskuaren ebaluazioa eta kudeaketa kontuan hartzean oinarritutako ikuspegi berritzailea ezartzen du. Errege Dekretuak arriskua ebaluatzeko lehen horizontea 2027aren hasierarako ezartzen badu ere, URBASOren esperientzia lagungarria izan daiteke prozesuan, are gehiago kontuan hartuta Urdaibaiko Erreserban 2026rako aurreikusitako Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren (EKZP) berrikusteak horretarako aukera zabaltzen duela. 

URBASO metodologia aplikatu den kasu praktiko bat KLIMATEK URKLIMA (IHOBE, Eusko Jaurlaritza, 2023-2024) proiektua da, non Urdaibaiko ur-hartune guztien babes-guneak mugatu diren, katastroa oinarri eta udalerrika. Informazioa eskuragarri dago, eta lagungarria da udal-plangintzarako, klima-aldaketara egokitzeko estrategiaren barruan.