Ur-hartunean biltzen diren ur-baliabideak ematen dituen lurralde-eremua (ibai-arroa) prozesu hidrologiko konplexuen mende dago (topografiak, landarediak, lurzoruaren izaerak eta erabilerek, lurpeko arrokek eta abarrek baldintzatuta), eta prozesu horiek aldatu egiten dira espazioan eta denboran. Horregatik, monitorizatu egin behar dira uren kantitate/kalitatearekin eta denboran zeharreko eskuragarritasunarekin duten kausa-ondorio erlazioa ezagutzeko. Arroaren lurraldea ur-baliabideak babesteko moduan kudeatu ahal izateko ebidentzietan oinarritutako irizpideak eduki behar dira, klima-aldaketak ekar ditzakeen egoeren aurrean (agorraldi eta lehorte egoerak) baliabideok eskuragarri izateko berme gisa. Hortaz, uraz hitz egiten dugu lurraldearen kudeaketa egokitzailetik. Abiapuntutzat hartzen duguna da ur-baliabideen gaineko eragina ez datorrela bakarrik klima-aldaketatik, lurzoruaren erabileren/kudeaketaren aldaketek beraiek ere badutela eragina, aldaketa haren ondorio negatiboak larriagotu edo murriztu ditzaketelako. Hori dela eta, lurraldea bere funtzio hidrologikotik planifikatu behar da.
LIFE URBASO proiektuan gainazaleko ur-hartune aktibo batzuk monitorizatzeko sarea ezarri da, Bakiotik Markinaraino. Behin lan horiek homogeneizatzeko protokolo egokiak ezarrita, erregistro jarraituko gailuak instalatu dira, parametro desberdinak neurtzen dituztenak (2021etik aurrera), 10 edo 20 minuturo. Parametro hauek ur-baliabidearen kantitatearen (ur-altuera), izaeraren (eroankortasun elektrikoa) eta ingurumen-afekzioen (tenperatura, uhertasuna) berri ematen dute. Bildutako datu-serieek denboran aldatuz doazen egoera atmosferikoek (fronte euritsuak, agorraldiak…) eta lurzoru-okupazioek (baso-jarduera nagusi, aztergai diren ur-hartuneetan) ur-baliabideetan eragindako erantzunak islatzen dituzte. Horrez gain, astero ur laginak hartzen dira, ondoren laborategian aztertzeko. Batetik, esekiduran dauden solidoak zehazten dira, ur gordinaren uhertasunarekin zuzenean lotuta daudenak eta gainera, disolbatutako karbono organikoa (DOC) eta haren kalitatea aztertzen dira, fluoreszentziaren kitzikapen-igorpen matrizeen bidez (EEM), desinfekzioaren azpiproduktuak sortzearekin zuzenean lotuta baitaude
