LIFE URBASO proiektuak giza kontsumorako uraren kantitatea eta kalitatea bermatzeko naturan oinarritutako irtenbideak frogatzen dihardu eta horretarako, naturaz gertuko basogintza ereduak sustatu nahi ditu basoen eta uraren arteko elkarreraginak optimizatzeko asmoz. Naturaz gertuko basogintza ereduak ezagutarazteko eta sustatzeko NEIKERek Marteloskopio bat ezarri du Bermeoko Udalaren jabetzako Arronategi izeneko herri basoan (MUP 47).
Marteloskopio bat “baso eskola” bat da non basogintza eredu ezberdinen emaitzak aztertu daitezkeen egur-ekoizpena, biodibertsitatea babestea, karbonoaren finkapena, aisialdia edota suteen aurkako babesa kontuan hartuz. Marteloskopio deritzogun partzela horretan, dauden zuhaitz guztiak zenbakituta, geoerreferentziatuta eta neurtuta (diametroa, altuera eta zuhaitzekin erlazionatutako mikrohabitatak) daude, era honetan zuhaitz bakoitzaren balio ekonomikoa eta ekologikoa ezagutu dezakegu.
Hemendik aurrera, oinez-oineko seinalamenduaren simulazioak egin daitezke, hau da, moztuko diren zuhaitzak hautatuko dira eta simulazioek biodibertsitatean eta balio ekonomikoan duten inpaktua in situ egiaztatu daiteke. Seinalamendu ariketen helburua zenbait kudeaketa-helburu bateratzea dakarren baso-kudeaketa eta erabakiak hartzeko prozesua konplexua dela da ulertzen laguntzea da. Kudeaketa helburu horiek baso-masaren iraunkortasuna eta hobekuntza, zuraren ekoizpena, biodibertsitatearen kontserbazioa, karbono-bahiketa, birsorkuntza edo suteen aurkako babesa izan daitezke.
Arronategiko marteloskopioa EFI-k (European Forest Institute) kudeatzen duen Integrate+ sarean barneratu da.


