PRO SILVA BASOGINTZA eskuliburua. Etenik gabeko estaldura mantentzen duen eta naturatik hurbilekoa den basogintza aurrera eramateko neurriak eta gomendioak

PRO SILVA BASOGINTZA eskuliburua gaur-gaurkoz naturatik hurbileko basogintzari buruzko eskuliburu garrantzitsuenetarikoa da Europan zehar eta LIFE URBASO proiektuak euskarara itzuli du. Egitura sinple bati jarraiki, liburuak Pro Silva erakundeak (www.prosilva.org) emandako gomendioetan oinarritutako basogintza eredua praktikan jarri ahal izateko pausoz-pausoko azalpenak ematen ditu; argazki eta irudi argiak erabiliz, praktikan konplexuak izan daitezkeen erabakiak modu ulerterrazean azalduz.  

LIFE URBASOk, naturatik hurbileko basogintza eredua ebaluatzen dihardu gainazaleko ur-edangarriak eta biodibertsitatea babesteko, eta klima erresilientzia eta bioekonomia hobetzeko asmotan. Honetarako EAEn eredu hau aplikatu nahi duten baso-jabe, basogile zein hezitzaile guztiek eskura izan dezaten itzuli du eskuliburua euskarara. 

Naturatik hurbileko basogintzak etenik gabeko baso estaldura mantentzen du, lurzorua babesteko funtsezko zeregina betez, adaburuak eta orbel geruzak zuzeneko prezipitazioen eragina murrizten dutelako eta sustrai sistema sakonek lurzorua egonkortzen dutelako. Kudeaketa eredu honek uraren kalitatea ere hobe dezake, gizakien hornidurarako gainazaleko ur-hartuneetan sedimentazioa mugatuz, zeinak edateko uraren kalitatea hondatu lezakeen. Gainera, ibar basoek iragazki natural gisa jarduten dute, kutsatzaileak harrapatuz eta uraren fluxua erregulatuz, sistema hidriko garbi eta jasangarriagoak lortzen lagunduz. Hurbilketa honek baso-ekosistemak kontserbatzeaz gain, ingurumen-helburu zabalagoekin bat egiten du, hala nola, larrialdi klimatikoa arintzea eta biodibertsitatea babestea. 

Eskuliburua 2024ko Ekainaren 20an aurkeztu zen Urkiolako Parke Naturaleko parketxean, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Errez kooperatiba txikiaren laguntzaz. 

Ver más: PROSILVA_euskara